Gabriel Aresti ez da euskaltegi hutsa, klasetik kanpo euskaraz mintzatzeko eta euskaraz bizitzeko aukera asko ematen baititu. Gabriel Aresti euskaltegitik Zenbat Gara elkartea sortu zen eta gaur egun kultura elkarte honek dituen baliabide guztiak erabiltzeko aukera dute gure ikasleek. Zerbitzu hauek guztiak euskaratik eta euskaraz egiteko sortu dira. Haietan murgilduz, ikasleek beren ikaste prozesua naturaltasunez azkartzen dute, espazio horietan euskaldun jendearekin harreman zuzenetan egoteko aukera dutelako: Bilboko Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Algara konpartsa, Umegunea, Bakaikuko etxea…
Kafe Antzokia
Kontzertuak, jaiak, antzerkia, liburu eta disko aurkezpenak, euskaraz mintzatu, bazkaldu, dantzatu… Gauza asko egin daitezke euskaraz Kafe Antzokian. Urtero-urtero ehunka ekitaldi kultural burutzen dituen espazioa da, euskaraz zein mundu zabaleko beste hizkuntza askotan. Berton, lehentasuna dute gure ikasleek, Euskal Herriko musikari, dantzari, idazle, artista ezagutzeko aurrez aurre. Izan ere, hizkuntza ezaugarri linguistikoez gain, bertako izaera ezagutzea ere badelako. Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokiak benetako kulturgune biziak dira.
Bakaikuko etxea
Nafarroako Sakana haranean, naturaz inguratuta daukagu Bakaikuko etxea. Bertan antolatzen dugu Bakaikuko barnetegia, gure ikasleei, eskolak emateaz gain, eguneko 24 orduak euskaraz bizitzeko aukera emanez. Bertan ikasketa azkartu egiten dute, era naturalean eta ondo pasatuz egiten delako. Udan eta Aste Santuan barnetegiak antolatzen ditugu, baita urtean zehar ere, asteburuko edo astebeteko egonaldi laburragoetan. Familientzako euskarazko egonaldiak ere antolatzen ditu Zenbat Gara elkarteak Bakaikuko etxean.
Algara konpartsa
Bilboko Aste Nagusian aski ezaguna da Algara konpartsa. Urte osoan hainbat hitzordutan esku hartzen du Algarak beste konpartsekin batera: Santomasak, Santa Ageda, inauteriak, Konpartsen Eguna… Erabat euskaraz eta lagun arteko giroan. Programazio propioa du eta bertan parte hartzen dute ikasle, ikasle ohi, lagun, inguruko euskaldunek… Jada, erreferente bat gara eta G. Arestiko ikasleek lehentasuna dute partaide izateko.
Bilbo Hiria Irratia
Egunero-egunero Bilbo Handirako euskara hutsez emititzen duen irrati bakarra da Bilbo Hiria irratia. Programazio berezia, egokitua egiten du Gabriel Arestiko ikasleekin eta ikasleentzat.
Umegunea
Urrian hasi eta maiatzera bitartean, igandez igande Kafe Antzokian arratsalde erdian umeentzako dauden ekitaldiak oso aproposak dira Kurkuluxetan Umegunea, gero eta gehiago baitira gure artean gurasoak euskara ikasten egotea eta seme-alabak euskarazko eskoletan, bien prozesua kontsolidatzen laguntzen dute elkarrekin buruturiko jarduerek eta hauetan ere tokia dute gure ikasleen seme-alabak.
Zenbat Gara elkartea
Ekimen hauek guztiak oinarri eta helburu berak dituzte, Zenbat Gara kultura elkarteak guztiak sustatzen eta ezaugarritzen dituenez gero. Zenbat Gararen helburua euskara bultzatzea da motibazioa, ezagutza eta erabilera bultzatuz. Hiru arlootan eraginez, hirurak era berean zainduz, egingo du aurrera gure hizkuntzaren hiztun kopuruak eta hiztunen erabilerak:
- Motibazioa: euskara erakargarri eginez, ekimen interesgarriak antolatuz erdaldunak gure unibertsora hurbilaraziz.
- Ezagutza: ez dakienari irakatsiz, inmersioaren bidez ikaspen prozesua azkartuz
- Erabilera: ikasgelez gain, euskaraz egiteko uneak eta guneak sortuz, ondo pasatuz, euskara esperientzia aberasgarriekin lotuz.
Hiruotako bakoitzak besteak elikatu egiten ditu, hizkuntza baten indarra biderkatuz. Gure soziolinguistika planteamenduak gehiago ezagutu nahi izanez gero, Zenbat Gararen webgunean informazio gehiago aurkituko duzu.
Leer este texto en: Español
