Gabriel Aresti euskaltegiak erabiltzen duen metodoak ikasleak euskararen oinarrizko maila arrakasta handiz ikasiko duela bermatzen du. Behin oinarrizko maila eskuratu ondoren, ikasleari erraza gertatzen zaio goragoko maila eta helburuetara iristea. Hitz gutxitan esanda, hauxe da gure euskaltegiak erabiltzen duen metodoaren oinarria: hizkuntza bat ondo ikasteko, behar-beharrezkoa da hizkuntza hori egiazko komunikazio egoeretan erabiltzea. Horregatik, Gabriel Aresti euskaltegian ikasleak sakonki lantzen ditu gramatika edukiak eta berehala praktikan jartzen ditu mota guztietako jarduera ludiko-didaktikoetan. Era horretan, teoria eta praktika behar bezala uztarturik geratzen dira.

Gure euskaltegiaren berezitasunak

Gabriel Aresti euskaltegiko ikaslea izateak irakasle batek ikasgelan ematen dituen ohiko eskoletatik harago doazen zerbitzu eta abantaila sail handia eskueran izatea esan nahi du. Oinarrizko zerbitzu horiek bermatzeaz gain, gure euskaltegiak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko balio duten makina bat jarduera biltzen du bere eskaintzan: euskal kultura eta kulturagileak ezagutzeko aukera ematen dugu, hitzaldi, artisten emanaldi eta txangoen bidez besteak beste; mintzamena era naturalean egiteko saioak, bai euskaltegian bertan bai Bakaikuko etxean antolatzen ditugun asteburu eta egonaldietan; jaiak eta ospakizunak harremanak euskaraz egiteko eta gozatzeko… Horiek guztiak jarduera osagarriak dira ikaste prozesuan, euskera hobeto ikasten laguntzen dutenak, eta horrez gain, gure motibazioa areagotzen dutenak.

Gabriel Aresti metodoa

Gramatikaren garrantzia

Gauza jakina denez, gramatika hizkuntzaren osagaietako bat da eta, hortaz, hizkuntzaren arauak ikasteak berebiziko garrantzia dauka bigarren hizkuntza bat ikasterakoan. Pedagogikoki egokia den ala ez aztertu gabe, egia ere bada, hizkuntzak ikuspegi gramatikaletik ikasten ohituta dagoenez, pertsona heldu asko erosoago sentitzen dela, euskararen ezagutza gramatikala edukita. Horregatik, euskal gramatikaren ezagutzak eta lanketak bere tokia dauka Gabriel Aresti euskaltegiaren dinamikan.

Trebetasunak eta gaitasuna

Euskararen ezagutzari buruzko agiriak lortzeko deialdi ofizial guztietan (HABE, EGA, IVAP, IRALE eta bestelako Hizkuntza Eskakizunak, Hizkuntza Eskola, eta abar) behar-beharrezkoa da ahozko nahiz idatzizko euskararen trebetasunak ondo menderatzea. Alegia, azterketa horietan guztietan euskaraz ahoz zein idatziz daukagun gaitasuna erakutsi behar izaten dugu. Gabriel Aresti euskaltegiaren planteamendu pedagogikoak bat egiten du eskakizun horrekin, eginahalak egiten ditugulako beti ikasle bakoitzak ahalik eta lasterren eskura dezan berak nahi duen agiria.

erroa_liburuak

Geure ikasmaterialak

40 urteko ibilbide luze horretan, Gabriel Aresti euskaltegiak eskarmentu eta ezagutza handiak metatu ditu euskararen irakaskuntzan, sortu eta garatu ditugun ikasmaterialetan ondo islaturik geratzen diren eskarmentu eta ezagutzak, hain zuzen ere. Ikasmaterial hauetan euskara ahoz zein idatziz lantzeko ariketa sorta handia bildu dugu, euskaratik sortuak; gure erreferenteak, gure ohiturak, gure historia… abiapuntu hartuta, hobeto ulertu eta ikasiko dugu hizkuntza.

Banan-banako irakaskuntza

Gauza jakina denez, bigarren hizkuntza baten ikaskuntza banaka burutu beharreko prozesua da, baina taldekako ingurune batean gauzatzen dena. Euskararen ikaskuntzaren ildo bikoitz hau ahaztu gabe, gure euskaltegiak ikasle bakoitzaren ikasketa prozesuaren segimendu zehatza egiten du, gehien komeni zaizkion erritmo, teknika eta jarraibideak zein diren adierazteko asmoz. Gainera, etengabeko ebaluazioa egiten dugu ikasleen ikasketa prozesuaren banakako segimendu honetaz eta, era horretan, berehalaxe bilatzen ditugu irtenbideak, beraien ohiko zalantza eta zailtasunak konpontzeko.

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko