25 urteGabriel Aresti euskaltegiak 25 betetzen ditu eta, urteurrenaren zuzura, hainbat ospakizun eta emankizun antolatu ditugu. Egitarauan ikus dezakezuenez (handiago ikusi), aurtengo irail-urrietarako ekitaldi sorta ederra prestatu dugu, gure lehengo eta oraingo ikasleekin eta, oro har, Bilbo Handiko euskaldunekin Gabriel Aresti euskaltegiak 25 urteotan lortu dituen emaitza oparoak gogoratu eta gero hurbilari begira ditugun egitasmoak aurkezteko.

Era guztietako ekitaldiak antolatzen ahalegindu gara, denak euskal kulturatik datozenak eta denak adin eta joera guztietako lagunengana iristea helburu dutenak. Gauzak horrela, gure kulturan gailen diren artisten eskutik dantza, kantagintza, umeentzako emanaldi, hitzaldi, aurkezpen, perfomance, jai eta kontzertu andana luzea tartekatuz joango gara ikasturte berriaren hasierarekin batera.

Eduki ere, gauza asko baitauka Gabriel Aresti euskaltegiak 25. urteurren honetan gogoratu eta ospatzeko. Gure euskaltegiaren historia egiteko batere asmorik gabe, gutun honi darraizkion orrietan Gabriel Aresti euskaltegiaren bilakaera azaltzen dizuegu 25 esalditan, zuek urteurren honen garrantzia hobeto ulertze aldera.

Baina Gabriel Aresti euskaltegia ez da iragana soilik; oraina eta geroa ere bada. Batez ere, geroa dela esango genuke, orain arteko bide luzean hartutako eskarmentuari esker eta urte hauetan bildutako ilusioari esker, indarberrituta sentitzen garelako Bilbo Handiko herritarrak azkarrago eta hobeto euskalduntzeko eta bertako euskaldunei euskaraz bizitzeko gero eta aukera handiagoak eskaintzeko.

25 zertzelada:

1.- SORRERA

80ko hamarkadaren hasieran sortu zen Gabriel Aresti euskaltegia, 1982an, gau eskolak euskaltegi bihurtu eta egun osoko eskolak eskaintzen hasi zirenean.

2.-GABRIEL ARESTI IZENA

Arrazoi asko zeuden euskaltegi berriari gure olerkariaren izena jartzeko. Hura bezalaxe, ikasle gehienak bilbotarrak, urbanoak eta modernoak izango ziren eta, hura bezalaxe, euskaldun berriak izango ziren guztiak.

3.- BILBOKO ERDIGUNEAN

Gabriel Aresti euskaltegia Bilboko erdigunean sortu zen, Kale Nagusiaren 24an, irakasle haien asmoa euskarari duintasuna ematea zelako, gure hiriaren erdigunera ekarriz.

4.- LAN HANDIKO URTEAK

Dena egiteke eta egiteko zegoen garaia zen. Orduko irakasleek ia ezerezetik sortu behar izan zituzten azpiegiturak eta planteamendu pedagogikoak. Ausardia, kemen eta borondate handiz jardun zuten lanean irakasle haiek.

Garai batean5.- KOOPERATIBA GISA ERATUTA

Irakasle sortzaileek kooperatiba gisa eratu zuten Gabriel Aresti euskaltegia, euskalduntzea herrigintzaren atala dela iritzirik. Gaur egun eraketa modu berari eusten diote eta bertako bazkide langileek etekinak zerbitzuen hobekuntzan inbertitzen dituzte.

6.- GRAMATIKATIK KOMUNIKAZIORA

Irakasle haiek berehala ohartu ziren ikasleak aditz eta atzizki sorta amaigabeekin nekaraztea alferreko lana zela, hizkuntza komunikazioa delako, gramatika bainoago, eta Gabriel Aresti euskaltegiak bere metodo komunikatiboa sortu zuen.

7.- EUSKALTEGIA EZ DA IKASTEGI HUTSA

Gabriel Aresti euskaltegian, behintzat, horixe pentsatu izan dugu beti. Ikasleei euskara ahalik eta ondoen eta lasterren irakastea da euskaltegi baten funtsezko zeregina, baina horrek ez du esan nahi bere egitekoa hortxe agortzen denik, gure ustez, horrezaz gain, hizkuntza komunitatean integratzeko bidea eskaini behar baitio ikasleari euskaltegiak.

8.- ERABILERA, EZINBESTEKOA

Gabriel Aresti euskaltegian gauzak argi eduki ditugu beti: euskara ez da gramatika liburu batean idatzita dagoen latin moduko bat, hizkuntza bizia baizik. Hizkuntza bizia, bizitzako harremanetan gauzatzen dena. Hain zuzen ere, gure ikasleengan etengabe bultzatzen dugu euskararen erabilera, eguneroko harremanetan ondo molda daitezen.

9.- MOTIBAZIOA LANGAI

Ikasleak berez ekarri ohi duen motibazio funtzionalaz gain, era guztietako motibazioak lantzen ditugu Gabriel Aresti euskaltegian, hizkuntza minorizatuek behar-beharrezko dutelako uste osoan.

10.- GABRIEL ARESTI EUSKALTEGITIK ZENBAT GARA ELKARTEA

1995. urtean Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleek itzelezko aurrerapausoa eman zuten, bere baitarik Zenbat Gara kultura elkartea sortuz. Irakaskuntzatik harago, euskaldunen arteko harremanak josi nahi zituzten irakasle haiek Zenbat Gara elkartearen bitartez.

11.- ZENBAT GARA ELKARTEAREN HELBURUAK

Hauexek dira oraindik orain Zenbat Gara elkartearen helburu nagusiak: Bilbon euskara eta euskal kultura normalizatzen laguntzea, euskaldunen komunitatea trinkotzea eta euskara ikasleei erabilera esparru naturalak eskaintzea.

12.- KAFE ANTZOKIA

Albian kokatuta, Kafe Antzokia dugu planteamendu horren emaitzetako bat. Hamaika urteotan euskaldunen bilgune eta euskal kulturaren bultzatzaile bilakatu da eta urtean 200 bat kultura emanaldi eskaintzen ditu. Ondarroan badugu ildo beretik lan egiten duen beste kafe antzoki bat.

13.- BILBO HIRIA IRRATIA

FMko 96.0 frekuntziatik Bilbo Handirako eta Internetetik mundu osorako emititzen duen Bilbo Hiria irratia ere Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak elkarlanean sortutako hedabidea da. Uhinen bidez Bilbo Handiko euskaldunak elkarrengana biltzea eta informazioaren euskal esparrua lantzea dira bere egiteko nagusiak.

14.- ALGARA KONPARTSA

Ludikotasunak garrantzi handia dauka hizkuntza baten biziberritzean. Hori dela eta, Gabriel Aresti euskaltegiak Algara konpartsa sortu zuen, bertako ikasleek gainontzeko euskaldunekin batera euskaraz bizi eta goza ditzaten gure hiriko jai eta ospakizunak.

15.- UMEGUNEA

Ardura eta arreta bereziz zaindu dugu beti umeen esparrua, haiengan aisialdia eta kulturaren kultura uztartuz. Umegunea osatzen duten 500 laguntxoek era guztietako emanaldiak dituzte urtean zehar: pailazoak, txotxongiloak, magoak, ipuin kontalariak, …

16.- ARRIGORRI ITSAS OSTATUA

Arrigorri itsas ostatua Ondarroan dago, izen bereko hondartzaren gainean. Ostatu eta jantoki zerbitzuak eskaintzen ditu eta, bide batez, giro euskaldun bat bertatik bertara ezagutzeko aukera ere ematen du.

17.- BAKAIKUKO ETXEA

Gabriel Aresti euskaltegiak baserri eder bat dauka Urbasa eta Aralar artean kokatuta dagoen Bakaiku herrian. Gure ikasleek bertan asteburuko zein astebeteko egonaldiak eta 15 eguneko barnetegiak egiten dituzte, denbora horretan euskaran erabat murgilduz.

18.- GAUR EGUN DENETARIKO IKASTAROAK

Gaur egun Gabriel Aresti euskaltegiak mota eta maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu 2, 4, 5 eta 6 orduko ordutegietan: HABEren maila guztiak, EGA, Hizkuntza Eskakizunak, Gazteentzako ikastaro bereziak, Mintzamena lantzeko ikastaroak, …

19.- EUSKARA IKASTEKO MENU BEREZIA

Ikastaroez gain, ikasleari euskara ikastea errazten dioten hainbat zerbitzu txertatzen ditugu gure programazioan: euskara lantegiak, kultura ekarpenak, txango didaktikoak, … Zerbitzu hauek guztiak gure euskaltegiaren bereizgarrietako bat dira.

20.- EUSKARA LANTEGIAK

Euskara lantegiak ikasleak ikasgelan ikasi duena modu natural batez praktikan jartzeko balio duten jarduera didaktikoak dira. Gabriel Aresti euskaltegiak gaur egun 20 lantegi eskaintzen ditu, eta ikasleak gogozkoena aukeratzen du, bere gustu eta zaletasunen arabera: antzerkia, kantagintza, zinema, serigrafia, ludoteka…

21.- KULTURA EKARPENAK
Hizkuntza eta kultura batera doazela sinetsita, Gabriel Aresti euskaltegiak hilero-hilero gure kulturagileen emanaldiak antolatzen ditu, neurri batean eta beraien mailara egokituta, bere ikasleek euskal kultura ezagutu dezaten.

22.- AUTOIKASKUNTZA ERE BAI

Euskaltegira egunero etortzerik ez daukaten pertsonek gaur egun, teknologia berriei esker, badute etxetik euskara ikasteko beste bide bat. Gabriel Aresti euskaltegiaren autoikaskuntza ikastaroak HABE erakundeak homologatuak daude, eta ikasleak ordenagailuaren bidez egiten dituen lanak tutoretza orduen eta mintza saioen laguntzaz osatzen dira.

23.- SAREAN GAUDE

Gure euskaltegiaren webgunean (www.gabrielaresti.com) zerbitzu guztien berri zehatza ematen dugu. Horrezaz gain, “Euskaraz bizi” deritzan atalean ikasleak euskaran murgiltzeko aldian-aldian sortzen ditugun ekimen guztiak azaltzen dira.

24.- EMAITZAK BERMATURIK

25 urteko ibilbide luzea eta azpiegitura hau guztiau ikaslearen arrakastaren berme dira. Halaxe erakusten dute gure ikasleek urtero eskuratzen dituzten emaitzek. Dena den, behin Gabriel Aresti euskaltegian ikasitakoan, han-hemen euskaraz bizi diren lagunak dira gure arrakasta eta bermerik handiena.

25.- HURRENGO 25 URTEAK

Asko da 25 urteotan egin duguna, baina, halaber, asko da oraindik egiteko dagoena. Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak dagoeneko ekinahalean ekin diote datozen urteotako egitasmoak burutzeari, jendea gero eta lasterrago eta errazago euskalduntzeko eta Bilbo Handian euskara gero eta gehiago normalizatzeko.