Gabriel Aresti ez da ohiko euskaltegia, klasetik kanpo euskaraz mintzatzeko eta euskaraz bizitzeko aukera asko ematen baititu. Gabriel Aresti euskaltegitik Zenbat Gara elkartea sortu zen eta gaur egun kultura elkarte honek dituen baliabide guztiak erabiltzeko aukera dute gure ikasleek ere. Zerbitzu hauek guztiak euskaratik eta euskararako pentsatuak eta sortuak dira eta, haietan murgilduz, ikasleek beren ikaste prozesua naturaltasunez azkartzen dute, espazio horietan euskaldun jendearekin harreman zuzenetan egoteko aukera dutelako: Bilboko Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Umegunea, Algara konpartsa, gimnasioa, frontoia, Bakaiku etxea…

Kafe Antzokia
Kontzertuak, jaiak, antzerkia, liburu eta disko aurkezpenak, euskaraz mintzatu, bazkaldu, dantzatu… Gauza asko egin daitezke euskaraz Kafe Antzokian. Urtero-urtero ehunka ekitaldi kultural burutzen dituen espazioa da, euskaraz zein mundu zabaleko beste hizkuntza askotan. Berton, lehentasuna dute gure ikasleek, Euskal Herriko musikari, dantzari, idazle, artista ezagutzeko aurrez aurre. Izan ere, hizkuntza ezaugarri linguistikoez gain, bertako izaera ezagutzea ere badelako. Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokiak benetako kulturgune biziak dira.

Algara konpartsa
Bilboko Aste Nagusian aski ezaguna da Algara konpartsa. Urte osoan hainbat hitzordutan esku hartzen du Algarak beste konpartsekin batera: Santomasak, Santa Ageda, inauteriak, Konpartsen Eguna… Erabat euskaraz eta lagun arteko giroan. Programazio propioa du eta bertan parte hartzen dute ikasle, ikasle ohi, lagun, inguruko euskaldunek… Jada, erreferente bat gara eta G. Arestiko ikasleek lehentasuna dute partaide izateko.

Bilbo Hiria Irratia
Egunero egunero Bilbo Handirako euskara hutsez emititzen duen irrati bakarra da Bilbo Hiria irratia. Programazio berezia, egokitua egiten du Gabriel Arestiko ikasleekin eta ikasleentzat.

Umegunea
Urrian hasi eta maiatzera bitartean, igandez igande Kafe Antzokian arratsalde erdian umeentzako dauden ekitaldiak oso aproposak dira Kurkuluxetan Umegunea, gero eta gehiago baitira gure artean gurasoak euskara ikasten egotea eta seme-alabak euskarazko eskoletan, bien prozesua kontsolidatzen laguntzen dute elkarrekin buruturiko jarduerek eta hauetan ere lehentasuna dute gure ikasleek.

Egonaldiak Bilbotik kanpo
Bakaiku Nafarroan. Aldiro-aldiro eskaintzen diegu gure ikasleei asteburua euskaraz igarotzera joateko aukera. Izan ere, prozesua erraztu egiten du eta ikasgelako kideekin joateak segurtasuna ematen du, ahaztu gabe ondo pasatzeko aukera bikaina dela eta gainera euskara hutsez. Oxigenaldiak eta barnetegiak.