Gabriel Aresti euskaltegiak erabiltzen duen metodologiak ikasleak euskararen oinarrizko maila arrakasta handiz ikasiko duela bermatzen du. Behin oinarrizko maila eskuratu ondoren, ikasleari erraza gertatzen zaio goragoko maila eta helburuetara iristea. Hitz gutxitan esanda, hauxe da gure euskaltegiak erabiltzen duen metodologiaren oinarria: hizkuntza bat ondo ikasteko, behar-beharrezkoa da hizkuntza hori egiazko komunikazio egoeretan erabiltzea. Horregatik, Gabriel Aresti euskaltegian ikasleak sakonki lantzen ditu gramatika edukiak eta berehala praktikan jartzen ditu mota guztietako jarduera ludiko-didaktikoetan. Era horretan, teoria eta praktika behar bezala uztarturik geratzen dira. Hauek dira gure metodologiaren oinarriak:

Hizkuntzan murgiltzeko eredua
Azken ikerlanek erakusten dutenez, murgiltzeko ereduak dira metodorik emankor eta eraginkorrenak hizkuntza bat ikasteko orduan. Labur esanda, murgiltze ereduetan ikaslea lehenengo unetik harremanetan hasten da hizkuntzaren ingurune naturalarekin. Zoritxarrez, euskararen kasuan ez da beti erraza izaten ikaslea horrelako ingurune guztiz euskaldunetan murgiltzea eta, horren ondorioz, euskara ikasteko prozesua askotan behar baino gehiago luzatzen da. Alabaina, hizkuntzan murgiltzeko eredua errealitatea da gaur egun Gabriel Aresti euskaltegian. Gure zerbitzu osagarriei esker, ikaslea lehenengo egunetik beretik sartzen da harremanetan euskararen ingurune eta egoera naturalekin.

Gramatikaren garrantzia
Gauza jakina denez, gramatika hizkuntzaren osagaietako bat da eta, hortaz, hizkuntzaren arauak ikasteak berebiziko garrantzia dauka bigarren hizkuntza bat ikasterakoan. Pedagogikoki egokia den ala ez aztertu gabe, egia ere bada, hizkuntzak ikuspegi gramatikaletik ikasten ohituta dagoenez, pertsona heldu asko erosoago sentitzen dela, euskararen ezagutza gramatikala edukita. Horregatik, euskal gramatikaren ezagutzak eta lanketak bere tokia dauka Gabriel Aresti euskaltegiaren dinamikan.

Trebetasunak eta gaitasuna
Euskararen ezagutzari buruzko agiriak lortzeko deialdi ofizial guztietan (EGA, Hizkuntza Eskakizunak, Hizkuntza Eskola, eta abar) behar-beharrezkoa da ahozko nahiz idatzizko euskararen trebetasunak ondo menderatzea. Alegia, azterketa horietan guztietan euskaraz ahoz zein idatziz daukagun gaitasuna erakutsi behar izaten dugu. Gabriel Aresti euskaltegiaren planteamendu pedagogikoak bat egiten du eskakizun horrekin, eginahalak egiten ditugulako beti ikasle bakoitzak ahalik eta lasterren eskura dezan berak nahi duen agiria.

Geure ikasmaterialak
Berriketan saila 25 urteko ibilbide luze horretan, Gabriel Aresti euskaltegiak eskarmentu eta ezagutza handiak metatu ditu euskararen irakaskuntzan, sortu eta garatu ditugun ikasmaterialetan ondo islaturik geratzen diren eskarmentu eta ezagutzak, hain zuzen ere. Berriketan metodoaz ari gara, ikaslearen liburua, lan kodernoa eta audioan nahiz bideoan hainbat material osagarri dituena. Era berean, berriki EGA aurreko Hobekuntza mailari dagozkion ikasmaterialak argitaratu ditugu. Ikasmaterial hauetan euskara ahoz zein idatziz lantzeko ariketa sorta handia bildu dugu, beti ere euskal hedabideetan azaldutako komunikazio egoeretatik abiaturik. Azkenik, adierazi behar dugu Gabriel Aresti euskaltegiak EGA prestatzeko ikasmaterial eguneratuak ere eskaintzen dizkizula.

Banan-banako irakaskuntza
Gauza jakina denez, bigarren hizkuntza baten ikaskuntza banaka burutu beharreko prozesua da, taldekako ingurune batean gauzatzen dena. Euskararen ikaskuntzaren ildo bikoitz hau ahaztu gabe, gure euskaltegiak ikasle bakoitzaren ikasketa prozesuaren segimendu zehatza egiten du, gehien komeni zaizkion erritmo, teknika eta jarraibideak zein diren adierazteko asmoz. Gainera, etengabeko ebaluazioa egiten dugu ikasleen ikasketa prozesuaren banakako segimendu honetaz eta, era horretan, berehalaxe bilatzen ditugu irtenbideak, beraien ohiko zalantza eta zailtasunak konpontzeko.

Gure euskaltegiaren berezitasunak
Gabriel Aresti euskaltegiko ikaslea izateak irakasle batek ikasgelan ematen dituen ohiko eskoletatik harago doazen zerbitzu eta abantaila sail handia eskueran izatea esan nahi du. Oinarrizko zerbitzu horiek bermatzeaz gain, gure euskaltegiak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko balio duten makina bat jarduera biltzen du bere eskaintzan.

Euskara lantegiek, esate baterako, gramatika hizkuntzaren berezko esparruetan praktikan jartzeko aukera ematen diote ikasleari, begirale baten laguntzaz bere gogozko jarduera batean aritzen den bitartean. Gaur egun Gabriel Aresti euskaltegiak 20 euskara lantegi eskaintzen ditu. Haietako batzuetan jarduera ludikoak lantzen ditu ikasleak (Ludoteka, Kantagintza, Euskal Dantzak, …) eta beste batzuetan, aldiz, jarduera sakonagoak egiteko aukera dauka ikasleak (Literatura, Zinea, Jendaurrean hitz egiteko teknikak, …).

Bestalde, eta hilean behingo maiztasun batez, Gabriel Aresti euskaltegiak Kultura ekarpenak deritzaten ekitaldiak antolatzen ditu. Egun hoietan euskal kulturaren zenbait esparrutan arituak eta adituak diren pertsonek hitzaldi eta topaketa didaktikoak egiten dituzte gure euskaltegiko ikasleekin, berauek haien bidez ikasten diharduten hizkuntzan sortzen den kultura nola edo hala ezagutu dezaten.

Azkenik, eta hau ere hilean behingo maiztasun batez, gure euskaltegiak Txango eta bisitaldi gidatuak izeneko ekitaldiak antolatzen ditu. Egun horietan euskararen presentzia oso nabarmena den tokietara eramaten ditugu ikasleak, euskaldun jendearekin zuzenean hitz eginez, beren aurrerapausoak kontura daitezen.