Elkarlan jaia ekainaren 21ean
Ekainaren 21ean jaia izango dugu Elkarlan osatzen dugun euskaltegiok. Euskara ikasten ari den ikaslego osoari zuzendua. Jai honen antolatzaileok, (Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala) ongi etorri beroa eskaini nahi diete euskaldun egin direnei. Halaber, gaitasuna aitortzen duen tituloa banatuko zaie zenbait ikasleri, euren ahaleginaren aintzatespena adierazi nahian. Antzerkia, bertsolariak, lunch-a eta erromeria izango dira.
Euskara ikasleen jaiaren aldarrikapena
ELKARLAN osatzen dugun hiru euskaltegiok ( Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala ) zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu euskara ikasi duten eta ikasten ari diren guztiei eta, horretarako, “Ongi Etorri”-jaia antolatu dugu ekainaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian.
Badira gure Bilbo honetan 120.000 bat ikasle euskaltegietan aritu direnak euskara ikasi eta erabili nahian, eta egindako ahalegin horri gure esker ona eman nahi diogu, eta bide batez, aipu berezia egin ikasturte honetan 1. maila eta 2. maila lortu duten guztiei, lortutako euskara maila horrek bermatzen baitie euskaraz komunikatzeko gaitasuna.
Horixe da Elkarlanek bultzatu nahi duen irakaskuntza eredua, integratzailea, bizia, eguneroko bizitzan erabiltzeko-bizitzeko-modukoa. Guretzat eskolak mintegi bizigarriak izan behar dute, ikasleari entzun eta behar duen, erabiliko duen, euskara landu, lortu eta erabiltzeko tokia. Elkarlaneko lagunontzat -euskaltegi, irakasle, eta ikasleontzat- kurrikuluak, programazioak, teknologiak,… ezer gutxi dira euskaraz komunikatzen garenon komunitatea zabaldu, handitu eta aberasteko ez badira.
Eta hori guztia gure ikasleek, etxeko, lagun eta lankideekin euskaraz mintzatzen diren eta mintzatu nahi duten lagunek, euskaraz irakatsi nahi duten irakasleek, seme-alabekin euskaraz mintzatu nahi duten gurasoek, euskaraz jolastu nahi duten haurrek, euskaraz aritu nahi eta behar duten funtzionariek, interneten nabigatu nahi duten gazteek, eta abarrek erakutsi digute.
Urte luzeak dira elkarrekin, ordu asko dira eskolan eta eskolatik kanpo, euskara ikasle, gazte zein nagusiekin, elkarlanean eman ditugunak. Horrexegatik, hain zuzen, aspaldi merezi genuelako, eskerrak emateko jaia, ongi etorria emateko jai hau antolatu dugu.
Elkarlan euskaltegion logoa ibaia da, mugimendua adierazten du, sortu eta sekula amaitzen ez den mugimendua, hauxe da gure praktika, ezagutza ematea, motibatzea eta hizkuntza erabiltzea, ibaiak horixe ematen du aditzera, bidea da, erreka eta itsasoa lotzen dituena, zubiak eraikitzera behartzen gaituena.
Arrainak bizitzeko ura , itsasoa behar duen bezala euskara ikasleei eta euskaradunei guneak eskaini nahi dizkiegu ahalik eta funtzio gehien bete ahal izateko, trinkotu egin nahi dugu gure jarduera, eta zeregin horretan burubelarri gabiltza gure ikasleei itsasoa eskaintzen, eta hauxe , oraingo jai hau da horren adibideetako bat.
Garai berri baten hasieran gaude, normalizazio bidean orain arte egin direnak tinkotu eta berriak sortzeko garaia. Jai honekin ikasle guzti-guztiei ERREKONOZIMENDUA azaldu nahi diegu publikoki, gizarte osoaren aurrean.
ELKARLAN euskaltegiak









Eleder
2010/04/30 at 11:44Kaixo, orrialdeko bideoa primerakoa! Blogean "enbedatu" gura neuke, eta ezin asma. Nola egin nezake? Ba al duzue Euskaltube Vimeon edo besten jarria? mila esker, eleder.aurtenetxe@gmail.com