Beti daukagu zer ikasirik, zer hobeturik. Baita berdintasunerako bidean ere. Izan ere, gaur egun arte lan handia egin den arren, oraindik ere badaude iritzi ilunak, uste okerrak, jarrera desegokiak eta jokabide salagarriak. Zenbaitetan oharkabean gertatzen dira, gura barik barnean ditugu. Eta horretaz jabetuta hausnarketa egitea beharrezkoa izaten dugu maiz. Horretarako sortu zen Emakumezkoen Nazioarteko Eguna, eta horregatik aprobetxatu nahi dugu Zenbat Gara elkartean geuk ere gogoeta egiteko. Hasteko, eta Kafe Antzokiaren Zine Txokoaren barruan, Ibaizabal Telebistak 8.kalea saiorako ekoitzitako “Emakumeak solasean: Etxeko sua, kaleko oihua” dokumentala eskainiko dugu asteartean, martxoak 5, arratsaldeko 6:30ean.
Ostiralean, martxoak 8, ospatuko da mundu osoan Emakumezkoen Eguna, baita Kafe Antzokian ere. Eta ospakizun horretan Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleak protagonistak izatea nahi dugu. Hori dela eta, astean zehar landutako ipuinak eta gure historiako hainbat emakumeren biografiak eta kontakizunak irakurriko dituzte, egun osoan zehar, Kafe Antzokian. Emakume guztientzako gure omenaldi xumea.
“Feminismoa hizpide” zikloarekin bukatzeko, larunbatean, martxoak 9, Zenbat Gara elkarteak “Emakumeak Bilboko historian” izenburupeko txango kulturala antolatu du. Goizeko 12:00 eta eguerdiko 14:30 bitartean, eta San Anton elizatik abiatuta, Bilbo era berezian bisitatuko dugu: hirian garrantzitsuak izan diren emakumezkoak ezagutuz.
Jarduera desberdinak baina denak interesgarriak, beraz, Kafe Antzokiaren eta Gabriel Aresti euskaltegiaren martxoko programazioari hasiera emateko.
