Ruper Ordorika bere lan berria den “Haizea garizumakoa” diskoa aukeztera hurbilduko zaigu.
Bilboko Kafe Antzokian martxoaren 5ean
Gaueko 21:30ean
Prezioa 10 euro (Zenbat Gararen lagunak eta GAEko ikasleak 5 euro)
Hauxe duzu Jose Angel IRIGARAY idatzitakoa bere azken lanari buruz
Ruper Ordorikaren disko berri bat albiste ona da, zinez pozteko modukoa, kantariaren ibilbide gero eta sendo, oparo eta aberatsagoaren seinale baita, areago diskogintzaren egoera hain larria den honetan. 1980an “Hautsi da anphora” berritzaile eta gogoangarri hartatik Kafe Antzokian zuzenean grabatu eta 2008an argitaratutako “Hamar t’erdietan” azkeneraino, bakarkako 14 disko plazaratu ditu, bide gero eta interesgarriagoa jorratuz: berritzaile eta mugak gainditzen dituenetakoa, herri kantua eta gaurko moldeak uztartuz, bakarlari edota hiritar rockaren airean, bere sorkuntza onduz eta garatuz… Esan nahi baita, bere estilo original, berezi eta propioan, jatorrizko intuizioa abiapuntu eta kantuari garapen eta jazkera egokiak emanez, herrikoiak zein garaikideak; kantuaren arnasa baitezpadako iturri eta bidelagun izan duelarik hasieratik.
Bere azken emaitza “Haizea garizumakoa” diskoa da, berak sortu kantu berriez osatutakoa, bere ibilbidean urrats kualitatiboa suposatzen duena. Oraingoan ere, ohi duen fineziaz eta kanturako dohaiez, sekulakoa ondu baitu. Ez da soilik kantuok, musika eta letra, beti bezala arreta, txera eta dohaiez ondu eta jantzi dituela, sonoritate eta testura bereziez mamitu (hain zuzen, erronka horretan orain ere lagun zaharrak berriro izan ditu bidaide, hain ezaguna duen bidea berriz ere jorratuz, berea hemen egin eta gero, New Yorkera joanez Ben Monder, Kenny Wollesen, Skuli Sverrisson musikariekin lantzera eta grabatzera. Eta eskertzeko modukoa da). Ez. Emaitzaren maila ez dagokio bakarrik musikari. Kantu-poemak sentsibilitatez eta iradokizunez beteak dira, zinezkotasunez, Ruperrengan usaian bezala, urrun minberakeriatik, kexu eta lanturutik; hainbat non, poeta handiz, seneritatez eta dotoreziaz bere mundua kantu bilakatutakoan gure garaiko testigantza paregabea ondu duen.
Trenpu narean malenkonia puntu batez maitasunez kantatuak, goxoki… eta lañoki, guztiarekin ere, mundua baitu onik… Mundu baten akabera eta beste berri baten beharra sumaturik, bere kantuetan, bidenabar, hamaika iradokizun isurtzen ditu iruditeria egoki eta propioaren bitartez. Horrela, “Haizea garizumakoa” aro oso baten testigantza poetiko-musikal bakana bilakatzen da, fin, heldu, ederra. Goi mailako kantu-poetika, beraz, baina bere munduan eta inguratzen duenekoan lur arras txertatua eta, mementu berean, unibertsal mailakoan hegaldatzen dena. Mugarri bat.
Diskoaren izenburuak -kantu baten izenetik hartua- ez dauka zerikusirik ihautearen ondoko aroarekin eta bai, ordea, paretetako argazkietan zintzilik dauden Antilletan haize-iharduera bati eman ohi dioten izendapen bereziarekin. Kantuak, esan bezala, harribitxiak dira, denetan ‘Ruperren kantua’ baino ez delarik airean, azala eta mamia propioki uztartuz, inoiz baino garbi, gertu eta sentituago kantatuak. Azkena, “Sekulabelardiko kantaria” izenekoa, fereka moduko kantu triste-alai, sentikorra, Mikel Laboaren omenez, berak dioen moduan, Etxahunen tankeran egindakoa da.
Diskoa, Ruperrek berak ezezik, zaleok ere behar genuen eta eskertzen dugu emaitza. Muga berri bat ezartzen du bere bilakaera musikalean, erreferente berri bat eskaintzen geure kantagintzaren eremuan… eta haratagokoan.
Jose Angel IRIGARAY








Iruzkina idatzi dezakezu